erregina_habiak1-1.jpg

Ekoizle-elkarteak

Eusko-Labeldun eztiaren ekoizleak, noski, erlezainak dira, baina HAZI Fundazioarekin harreman instituzionalak dituena ekoizle-elkartea da. Erlezain bat bera bakarrik ezin da zuzenean Eztiaren Eusko-Labelean sartu, ekoizle-elkarte bateko bazkide egin behar du. Beste modu batera esanda, Eusko-Labeleko ekoizleak elkarteetan bildurik daude.

Eztiaren Eusko-Labelaren historian aldaketak izan dira ekoizle-elkarte hauekiko osaketari buruz, hasiera batean gutxienez zazpi lagunez osatuak izan behar izaten zuten. Gaur egun beste modu batera definitzen da (Ikus aurreraxeago).

HAZI Fundazioak hasieratik nahi izan zuen Labeldun ekoizleak elkarte espezifikoetan biltzea, alegia, ezti-ekoizpena izatea elkarteon helburu nagusiena eta, zehazkiago, Eusko-Labeldun eztiarena eta, horregatik, hasiera bertatik ez zituen Erlezain-Elkarte orokorrak (BEE (Bizkaikoa), GEE (Gipuzkoakoa) eta APIAL (Arabakoa)) elkarte egokitzat jo beharrizan honetarako, beraien helburuak beste maila batekoak direlako, edo zabalagoak bederen.

Erlezain-Elkarte orokor hauetako (GEE, BEE eta APIAL) arduradunek parte hartu zuten hasieran Eztiaren Eusko-Labelaren araudia egiteko orduan, baina, HAZI Fundazioaren eskakizunez beste elkarte espezifikoak sortu zirenean (Eztikidetza, Giez eta Antoñana), hauek izan ziren handik aurrera araudia zehazteko eta antolaketa burutzeko lema hartu zutenak.

Elkarteok bete beharreko baldintzak

Eusko-Labeldun ezti-ekoizlez osatutako elkarteok ondorengo baldintzak bete behar dituzte:

  1. HELBURUAK: Elkarteko bazkide gehiengoaren helburu nagusia  Eusko-Labeldun eztia ekoiztu eta komertzializatzekoa izango da.
  2. ERLE-KOPURUA: Eusko-Labeldun eztia ekoiztu eta komertzializatzeko interesa duten erlezainen artean gutxienez 400 erle edukitzea. Erle-kopuru hori ez da erlezain bakarrena izango. 
  3. ERREGISTROA: Labeldun eztia ekoizteko asmoa duten erlezain bazkideak EAEn egongo dira enpadronatuak eta beren erle guztiak EAEn egongo dira erregistratuak. 
  4. EKOIZPENA: Labeldun eztia ekoizteko asmoa duten erlezain bazkideek ekoiztutako ezti guztia izan behar du labelizagarria, alegia, Eusko-Labeldun eztia ekoizten duenak, ezingo du Labelik gabeko eztirik ekoiztu, adibidez, bere erle batzuk Zaragozan edukiz.
  5. ESPERIENTZIA: Labeldun eztia ekoizteko asmoa duten erlezain bazkideek gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute erlezaintzan.
  6. EZTITEGIA: Eusko-Labeldun eztiaren ekoizle-elkarteko bazkide guztiek labeldun eztia erauzi eta ontziratzeko homologaturik dagoen eztitegi berera eraman behar dute beren ezti guztia.
  7. ARDURADUNA: Ekoizle-elkartea da bere bazkideen jardunaren erantzule HAZI Fundazioaren aurrean, alegia, Fundazioak elkarteetako arduradunengana jotzen du beti erlezain bati buruzko edozein kexa baldin badu, eta elkartea izango da neurriak hartu beharko dituena erlezain horren okerra zuzentzeko.  
  8. HOMOLOGAZIOA: HAZI Fundazioaren ahalmena eta egitekoa izango da ekoizle-elkartea Eusko-Labelerako homologatzekoa, delako elkartearen helburuak, Labelaren prozesuak jarraitzeko ahalmenak eta egitura aztertu ondoren. Adibidez, ez litzateke homologatzeko moduko elkartea 20.000 kiloko ekoizpena duena eta 2.000 kilo baino gehiago elaboratu ezin duen eztitegia proposatzen duena.

Ekoizle-elkartearen eginbeharrak

Goiko (g) puntuan dion bezala, HAZI Fundazioaren aurrean ekoizle-elkartea denez bere bazkide bakoitzaren jardunaren erantzule, lotura hertsia du elkarte honek Fundazioarekin eta elkarteak hainbat eginbehar ditu:

  1. KONTROLAK: Kalitatea Fundazioak planifikatzen ditu bere kontrol-lanak. Fundazioak, ordea, agindu diezaioke ekoizle-elkarteari berak ere egin ditzan zenbait kontrol bere bazkideen jardunari buruz.
  2. FUNDAZIOA INFORMATU: Ekoizle-elkartea da dagokion eztitegiarekin zerbitzuak negoziatzen dituena eta eztitegiak elkarteetako arduradunei emango dizkie beren bazkideekiko gorabeherak. HAZI Fundazioak, beraz, elkarteari eska diezaioke bere bazkideekiko informazio osoa. Halaber, bazkideen ekoizpenari dagokiona: erleak, erlategiak, transhumantziak, …
  3. SARRERA UTZI: Ekoizle-elkarteek dituzten lokal eta egoitzetan, eztiaren prozesuarekin lotura duten neurrian, sartzen utzi behar diete HAZI Fundazioko ikuskatzaileei.
  4. PUBLIZITATEA: Ekoizle-elkarteok baldin badute edozein publizitate-kanpaina egiteko asmorik, edo flasko eta etiketa berriak erabiltzekorik, adibidez, Fundazioari aurkeztu behar dizkiote aurrez honek onar ditzan. 
  5. BAZKIDEA INFORMATU: Elkarteak jakitun eduki behar ditu bere bazkideak Eztiaren Eusko-Labelean egoteak zer arau betetzera behartzen duen eta bazkideak jakin behar du elkartea dela bere jokabidearen erantzule eta, beraz, edozein arau-haustearen aurrean elkarteko arduradunak hartuko diola kargu.
  6. DATU-ERREGISTROA: Elkarteak eguneratutako erregistro bat eraman behar du bere bazkideena, beraien erle eta erlategiena, ekoizpenaren eta intereseko beste datuena. Datu guzti hauek Fundazioaren esku jarriko ditu honek hala eskatuz gero.
  7. LABELAREN ALDE: Elkarteak, Eztiaren Eusko-Labeleko elkarte den aldetik, Labeldun eztiaren ekoizpen eta komertzializazioaren alde egingo du beti.

Ekoizle-elkarteen zeregina zein den ikusita, norbaitek pentsa dezake elkarte-dinamika indartsu bat dagoela indarrean. Zoritxarrez, erlezaina bakarka lan egiten ohitua den pertsona da eta praktikan sarritan Fundazioarekin zuzenean erlazionatzen dira. 

Eztiaren Eusko-Labeldun eztiaren ibilera hasi zenean (1993) hiru ekoizle-elkarte sortu ziren, Gipuzkoan “Gipuzkoako Eztigileen Elkartea (GIEZ)”, Bizkaian “Eztikidetza” eta Araban “Antoñanako Junta Administrativa”. Geroztik sortu izan dira berriak eta zazpi elkarte izatera ere iritsi izan dira. Gaur egun lau dira: Hasierako hirurak eta laugarrena “Bizkaiko Erlazainak Elkartea”.

Labeldun eztia ekoizten hasi nahi duen erlezainak duen lehen aukera da lehendik dauden elkarte bateko bazkide egitea. Elkarte haietako funtzionamendua gustatzen ez edo haietan sarrerarik lortzen ez badu, beste elkarte bat sortu beharko luke, bigarren aukera bezala.
 
Eusko-Labeldun eztia ekoiztu nahi duen erlezaina behin ekoizle-elkarte bateko bazkide egin denean, elkarteko arduradunaren egitekoa izango da HAZI Fundazioari haren berri ematea eta honek eskatzen dituen datuak entregatzea. Handik aurrera Fundazioarentzat erlezain ekoizle  berriaren erreferentzia beti elkartea izango da.

PrintEmail