erregina-19.jpg

Erlezainak

Eusko-Labeldun eztiaren kalitateaz ari bagara ere, azken batean ziurtagiria erlezainari ematen zaio, lana ondo egin duen erlezainari. Gaur eguneko kalitatearen definizioetan (Ikus web gune honetako EZTIA produktuan, KALITATEAri buruzko atala) ez da bakarrik kontutan hartzen lehengaia, baizik eta lan-prozesu osoa. Eusko-Labeldun eztiaren kasuan HAZI Fundazioaren kontrol-sistema ez da analisi fisiko-kimikoetan bakarrik oinarritzen, baizik eta erlezainak lana ondo egitean, dokumentazioa ondo betetzean, harremanen gardentasunean, eta abar.

Horregatik, erlezaina da Eusko-Labelean sarrera eskatzen duena, erlezaina da arauak ondo edo gaizki betetzen dituena eta kanporatua ere izan daitekeena nahiz eta kalitateko eztia ekarri. Beraz, ezti Labelduna kalitatekoa izango da, bai, baina baita ere erlezainak ezti hori lortzeko egin duen lan-jarduna.

Erlezainaren betebeharrak

Lerro gutxitan azalduko da Eztiaren Eusko-Labelean izena emanda dagoen erlezain batek urtean zehar egiten duena:

Ezti guztia labelizagarria

Eusko-Labelaren araudipean lan egiten duen erlezainak ekoizten duen ezti guztia izango da labelizagarria. Ondorioz, ezingo ditu erle  edo erlategi batzuk ezti Labelduna ekoiztuz eduki eta beste batzuk Labelduna ez dena. 

Kartulina horia

Kanpainaren hasieran erlezainak jasotzen duen ekoizpen-orria da, erlezainen artean “kartulina horia” deitua, zeinetan apuntatzen dituen ondorengo datuok:

  • Erleak: Zenbat erle dituen eztia ekoizten. Hilero apuntatuko du zenbat erle dituen eta zein erlategitan dauden.
  • Janaria: Apuntatuko du janaririk eman dien erleei, noiz, zein erleri eta zein janari. Debekaturik dago janaririk ematea loraldian daudenean, eztia azukrez edo ezti arrotzez kutsa ez dadin. Erleari jana eman behar bazaio, altza kenduta egingo da.
  • Medikamentuak: Medikamenturik eman badie, apuntatuko du : Zein medikamentu ; zein gaixotasunaren aurka ; zein dosi ; eta noiz. Debekaturik dago medikamenturik ematea loraldian daudenean, eztia kutsa ez dadin. Erle bati eztialdian botikaren bat eman behar bazaio, altza kenduta egingo da eta kartulinan idatziko du.

 

 

Ikuskatzailearen bisita

HAZI Fundazioko ikuskatzaileak erlezainari deitzen dionean, lagunduko dio hark esandako erlategietara edo erle-biltegira, eta erakutsiko dizkio hark ikusi nahi dituen gauzak. “Kartulina horia” beti eramango du berarekin.

Altzetako eztia

Eztia altzetatik bakarrik kenduko da, inoiz ez umetegitik. Altzerdiak bakarrik erabili ahal dira. Langstroth altzak debekaturik daude. Horrela ekidin nahi da erlezainak umetegiko koadroak altzara igotzea, botikaz edo janari artifizialez kutsatuta egon daitezkeelako berauetako eztia, eta operazio oker horren ondorioz eztitegira ezti kutsatua iritsi daitekeelako.

Eztia abaraskan etorriko da eztitegi homologatu edo baimendura. Laukiak erregistro zenbakidun altzetan sartuta etorriko dira beti eztitegira eta inoiz ez altza gainetan suelto.

Altzak garbiak etorriko dira eztitegira, lur, zimaur, kedar, orbel edo beste zikinkeriarik gabe.

Eztitegira eraman

Erlezainak ezin du eztia bere etxean erauzi eta ontziratu. Elkarte bereko bazkide guztiek eztitegi homologatu berera eraman behar dute eztia, eta gainera  abaraskan. Erlezainak ez du eztia bere etxean atera eta bidoian eramaten eztitegira, abaraskan baizik. 

Eztitegiaren homologazioa HAZI Fundazioak egiten du. Erlezain-Elkarte bakoitzak homologaturik daudenen artean bat aukeratzen du. Erlezaina eztitegira doanean “Kartulina horia” beti eramango du berarekin.

Eztitegira eramaten den eztiak ondo operkulatua edo, behintzat, ondo ondua egon behar du. Bestela, atzera botako da. Ez da onartzen hezetasun batetik gorako eztirik.

Eztitegira eztiarekin iristen denean erlezainak adierazten dio eztitegiko arduradunari zein erlategitakoak (kodifikatua) diren dakartzan altzak eta honek sarrerako albaranean apuntatzen du.

Salmenta

Erlezainak nahi duen eran (likidoan ala kremosoan) eta formatuan (kiloko, kiloerdiko, …) ontziratua denean, etxeratu ahal izaten du eztia nahi duen eremu eta moduan  sal dezan. Ezti-flasko guztiak Eusko-Labeleko prezintu zenbakidunarekin irteten dira eztitegitik. Flaskoa, tapa eta etiketa ere HAZI Fundazioak onartutakoak izan behar dute beti.

Salmenta-markak

Eusko-Labelean izena emanda dagoen erlezainak ezin du ezti konbentzionala (Eusko-Label gabea) saldu bere izenean legokeen beste marka batez. Eusko-Labeldun eztiaren etiketan doan informazioak kontsumitzailea nahas ez dezan, HAZI Fundazioak baimendu behar ditu flaskoan doazen etiketa eta informazio guztiak eta flasko bera ere bai.

Laburbilduz

Eusko-Labeldun ezti-ekoizleak ez du gauza bereziki zailik egin behar Labelean dagoen bitartean. Hitz batean, erlezain arduratsu batek egiten duena besterik ez du egin behar. Kalitate lerro batean sartu gabe dagoen batetik berezten duten alderdiak hauek lirateke:

  • Dokumentazio txiki bat eraman beharra: Erlezainak ez dira, oro har, egiten dutenaren dokumentazioa eraman zaleak. Arreta hori piztu behar zaio kalitatezko lerro batean dagoenari. 
  • Ikuskapenak onartu: Normalean arazoak sortzen dituena da ikuskatzailea eta erlezaina elkarrekin ados jartzea ikuskapen-bisitaren eguna eta ordua jartzeko. Kontuan eduki behar da, gehienetan erlezainak ez direla profesionalak eta beste lanak dituztela eta gainera transhumantzia egiten dutenek etxetik urrun dituztela erleak.
  • Lurraldetasuna: Eusko-Labelean egoteak mugatzen du neurri batean erlezainaren larrez larre nonahi ibiltzeko askatasuna. Egiaren izenean esan behar da lurralde izugarria dagoela lanerako, EAE eta mugakide diren probintziak kontutan hartuta.
  • Eztia eztitegi homologatuetara eraman beharra: Eusko-labelaren araudiak ez du uzten norberak bere eztia etxean erauzten eta ontziratzen. Erlezain askorentzat zail gertatzen da pausu hau ematea. Eusko-Labelean egoteak sortzen dituen endredoak konpentsatzeko komeni da ezti-bolumen minimo bat edukitzea.

PrintEmail