martxel4-27.jpg

Eztitegietako trazabilitatea

Elikagai baten trazabilitatea, elikagai horrek egin duen bidearen jarraipena besterik ez da. Jarraipena esaten denean esan nahi da elikagai horrek ekoizpenetik kontsumitzailearen eskuraino ailegatu bitartean egiten dituen pausu guztien ezagutza. Pausu horiek katea bat osatzen dute eta katenbegi bakoitzean zer prozesu jasaten duen aurrez markaturik egoten da eta informazio hori jasotzeko tresna baliagarriak prestatuak.

Eztitegi batean eztia sartzen den unetik irten bitarteko pausuak markaturik daude eta hainbat dokumentutan jasotzen da ekarraldi edo lote bakoitzaren historia.

Eztiaren sarrera: SARRERA-ALBARANA

Erlezainak eztia ekartzen duenean (abaraskan) hasten da eztitegian dokumentazio-bidea. Eztiaren sarreran SARRERA-ALBARANA betetzen da:

  • Data.
  • Sarrera-zenbakia: eztitegian dagoen SARRERA-LIBURUAn dagokiona.Erlezainaren ekarraldiaren zenbakia izango da aurrerantzean.
  • Erlezainaren izena eta datu pertsonalak.
  • Erlezainaren ustiapen-kodea, zeina joan behar duen itsatsirik altza guztietan.
  • Ustezko ezti-mota.
  • Eztia nongoa den, zein erlategitik (kodifikatua) dakarren eta zenbat altza diren erlategi bakoitzekoak.
  • Altza beteen pisua, sarrerako baskulako tiketean inprimatuz. Datu guztiok HAZI Fundazioaren esku jartzen direnez, Fundazioak pareka ditzake ikuskatzaileak erlategian ikusitako datuak eta eztitegitik ematen zaizkionak.

Eztiaren erauzketa eta iragazketa: ERAUZKETA LIBURUA

Ekarraldi bakoitzeko eztiaren erauzketa hastean ERAUZKETA LIBURUA kunplimentatzen da:

  • Data.
  • Ekarraldiaren zenbakia.
  • Altzen egoera:
    • Umesabiarik baduenez (Umesabia duten laukiak itzuli egiten dira lauki haietako eztia erauzi gabe).
    • Erleak ekarri dituen abarasketan (Eztitegiko langileen lana oztopatzeaz gain, erle galduak sar daitezke ontziratzear dagoen eztitan edo krematzen ari denean).
    • Altzak eta laukiak garbiak ekarri dituen.
    • Ezti fermentaturik agertu den (Laukiaren alderen batean ezti fermentaturik ikusiz gero, itzuli egiten dira laukiak eztia erauzi gabe).
    • Altzak ondo identifikatuak ekarri dituen.
    • Usain eta zaporeari buruzko datuak.
    • Operkulazioa  eta hezetasuna: Eusko-labeleko araudiak eskatzen du %75 operkulatua ekartzea edo bere hezetasuna egokia izatea (ezti milalorean gehienez %18,50 eta txilar-eztian % 20). Hezetasun handiagoko eztia itzuli egiten zaio erlezainari, bidoian edo abaraskan).
    • Laginak hartu diren eta zenbat. Ekarraldi bakoitzetik normalean hiru lagin hartzen dira : Bat eztitegian gordetzen da bi urtez, eztiaren kontsumo-data gainditu arte; Bigarrena HAZI Fundazioak eramaten du ; eta hirugarrena analisi kimikoetan gastatzen da.

      Eztiaren lorebakartasuna analisatu behar denean, beste bi lagin hartzen dira gainera: Bat eztitegian gordetzen da bi urtez; eta bigarrena analisietan gastatzen da.

Altza hutsen entrega: SARRERA-ALBARANA

Behin eztia erauzi denean altza hustuak pisatu egiten dira eta erlezainari entregatu, zeinak horrela badakien zenbat ezti ekarri eta utzi duen eztitegian.

Labeldun eztia ekoizteko baimenduta dauden altza bakarrak altzerdiak dira. Eztitegiek debekaturik dute Eusko-labeleko ezti-ekoizleen umetegietako laukietako eztia erauzi edo ontziratzea, nahiz eta Labelik gabe saltzeko asmoa izan.

Eztiaren krematzea: ELABORAZIO-LIBURUA

Erlezainak aukeran du eztia likidoan ontziratu ala krematurik. Ezti likidoaren arazoa da gogortu egiten dela eta kontsumitzaileak kexu izaten direla ezti gogorrarekin.

Eztitegiak ez balu sistemarik eztiaren krematzea eskaintzeko, likidoan eraman beharko luke erlezainak. Ezti gutxi edota kostaldeko eztia duenak sal dezake kristalizatu aurretik. Ezti asko edo erraz kristalizatzen den eztia duenak krematurik eraman nahi izaten du. Eztia kremosoa da kristal finetan kristalizatu den eztia. Berez hala kristalizatu bada, bere hartan ontziratzen da. Kristal handietan kristalizatu bada, makina bidez hotzean xehetu egiten dira kristal handi horiek eta kremoso bihurtzen da eztia.

Likidoan eramateak ez du esan nahi erlezainak aukerarik duenik gogortu zaion eztia berotu eta likidotzeko labe bero batean edo sartuz. Bero bidez eztia likido bihurtzea debekaturik dago Eusko-Labelean, pasteurizazioa ere bai, noski.

Lote-osaketa eta analisiak: ELABORAZIO-LIBURUA

Erlezainak erabakitzen du nola nahi duen osatu bere lote komertziala: Urtean zehar egin dituen ekarraldiak banan bana berezita ontziratuz edo ekarraldi bi edo gehiago eginez; Eusko-Labeleko beste ekoizle batekin elkartuz; eta abar.

Eztitegian bada loteen osaketa nola egin den jasotzeko beste liburu bat ELABORAZIO-LIBURUA deritzona, zeinetan apuntatzen diren sarrerako ekarraldi hartako eztiarekin egin diren elaborazioak, alegia, kremaketak, nahasketak, lote-osaketak…

Halaber, ELABORAZIO-LIBURUAn apuntatzen dira egin diren antibiotikoen analisiak, lorebakartasun-froga polinikoak, analisi fisiko-kimikoak, eta abar.

Ontziraketa: PRODUKTU BUKATUAREN LIBURUA

Behin aurrez egin beharreko analisi eta elaborazioak eginda daudenean eta makinetan eztiaren baitan sartzen den aire-burbuilak gora etorri arteko denbora itxaron ondoren, ontziratu egiten da ezti-lotea.

Ontziraketa-gunean beste liburu bat dago, PRODUKTU BUKATUAREN LIBURUA, zeinetan apuntatzen den:

  • Lotea.
  • Data: Lotea noiz hasi den ontziratzen.
  • Marka: Zein marka daraman loteak.
  • Formatua: Zein neurritako flaskoetan ontziratu den: 250g, 500g, 1000g.
  • Lote hartan erabilitako Eusko-Label prezintuaren zenbakiak. Zein zenbakitik zein zenbakira. Alegia, formatu bakoitzean zenbat ale ontziratu diren.
  • Muestrotekarako gordetako bi lagin komertzialen prezintuen zenbakiak. Lagin hauetako bat HAZI Fundazioak eramaten du eta bigarrena eztitegian mantentzen da bi urtetan.

Eztiaren irteera: IRTEERA-ALBARANA

Eztitegitik irteten den ezti oro IRTEERA-ALBARANArekin irtengo da, zeinetan beti jarriko dira ondorengo datuak:

  • Irteera-data.
  • Eztia daraman erlezain ekoizle edo bezeroaren izena.
  • Marka eta formatua.
  • Ale-kopurua.
  • Lotea.

Zazpi dokumentu jarraituon ondorioz, HAZI Fundazioak une oro daki ekoizle baten eztia nondik nora dabilen eztitegian.

Eztitegiko TRAZABILITATE hau dela medio, HAZI Fundazioko ikuskatzaileak eta Osasun-Sailekoak nahi dutenean etorri eta irteerako albaranetatik atzeranzko ibilbide dokumental osoa egiten dute ezti ura ekarri duen erlezainarengaino iritsi arte. Horren helburua kontsumitzailearen segurtasun eta kalitate-bermeak dira, zeren eta lote jakin batean arazoren gertatuko balitz, jakin ahal izango bailitzateke nork eraman duen eztitegitik eta nola erretiratu merkatutik, eta gero, barne-azterketa baten bidez, arazoaren iturria aurkitu ahal izango litzateke erlezain ekoizlearengaino iritsiz.

 

PrintEmail