martxel3-28.jpg

HAZI fundazioa

HAZI Fundazioa da eztiaren sortze eta elaborazio-prozesu osoa kontrolatzen duena eta Eusko-Label ikurrarekin (K-rekin) merkatura irteten den eztiak horretarako indarrean dagoen araudia betetzen duela ziurtatzen duen erakundea.

HAZI Fundazioak, Eusko-Labeldun eztiaren araudia egin, eguneratu eta bete araziz, bermatzen du kontsumitzailearen aurrean eztiaren jatorria, kalitatea eta segurtasuna.

Helburu horiek betetzeko egiten ditu ondo iruditzen zaizkion kontrolak, egin edo egin arazi beharrezkotzat jotzen dituen analisiak eta ezartzen ditu datu-bilketarako beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentuak.

Era berean, ezti-ekoizleak eta eztitegiak prest egon behar dute HAZI Fundazioak ezarritako kontrolak onartzeko eta lan horietara doazen ikuskatzaileekin batera lan egiteko, haiek eskatutako datu guztiak entregatuz.

HAZI Fundazioak UNE-EN ISO/IEC-17020 eta UNE-EN-45011 nazioarteko kalitate-arauak ezarrita ditu azterketa- eta berme-jardueretarako, hurrenez hurren. ENACek gaitasun teknikoa aitortzen dio HAZI Fundazioari bi jardueretarako. ENAC (“Entidad Nacional de Acreditación”) Administrazio estatalak izendatutako erakunde bat da, zeinaren egitekoa den ebaluazio-erakundeen (Laborategiak, Entitate ikuskatzaileak, Berifikatzaileak) gaitasun teknikoa ebaluatzea (nazioarteko arau eta Europako Batasunaren aholkuen arabera) beren jardunean konfiantza sortzeko Administrazioari, merkatuari eta, oro har, gizarte osoari.

Eusko-Labeldun eztiaren atzean, bada, maila estatal eta nazioartean onetsitako akreditazio-erakunde independiente bat dago, HAZI Fundazioa, eztiaz gainera EAEko beste hainbat elikagaien kalitatea kontrolatzen duena, adibidez, Eusko-Labeldun elikagaiona: Esne-bildotsa, Oilaskoa, Okela, Esnea, Hegaluzea eta Hegalaburra, Arrautza, Patata, Piperra, Tomatea, Babarruna, Letxuga, eta Sagardoa. Modu berean ikuskatzen eta kontrolatzen ditu: “Euskal Baserri” produktuak eta Jatorri-deiturako Idiazabal Gazta eta Txakolina.

Fundazioak ondo zaintzen du Eusko-label marka, logoa eta gaineranzko adierazpenak, inork berauek edo antzekoak erabiliz kontsumitzailea nahas ez dezan.

PrintEmail