erregina_habiak1-1.jpg

Kontsumitzaileak

Idatzi honen irakurleak kontsumitzaile gisara irakurri badu, galde dezake: “Guzti hau ondo dago, baina nola dakigu kontsumitzaileok hori dena behar bezala egin dela?”. Kontsumitzaileen galdera eta kezkak entzun eta erantzun behar dira, elikagai ororen helburua kontsumitzailea baita. Erraza ote da oraingoan erantzuna?

Kontsumitzaileak hori jakiteko duen modu bakarra ezti-flaskoko prezintuan topatuko duen “K” izango da. K horren atzetik HAZI FUNDAZIOA dago eta Fundazioaren atzetik ia 20 urtetan ondo egin duen lanaren bermea dago. Ez da gutxi.

Baina fede orokor horrez gain, kontsumitzaileak jakin behar du hitz gutxitan, teknizismorik eta erlezaintzako kontzeptuez gain, zer dagoen “K” hori duen eztiaren atzetik:

  1. Kalitate ukaezina. Eusko-Labeldun eztiak Europako araudirik hertsienetako betetzen du eta horren ondorioz kontsumitzailea ziur egon daiteke produktu on baten aurrean dagoela.
  2. Jatorri hurbil eta ezagunekoa. Euskal Autonomia Erkidegoko eztia da eta mugakide dituen lurraldetakoa.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoko erlezainek ekoiztua. Izen eta deituraz ezaguna da, bada, erlezaina eta urte osoan erlezain horren jarduera kontrolatzen du HAZI FUNDAZIOAK.
  4. Polinizazioz lortutako eztia. Eztia produktu berezia da, bere ekoizpenean erleek polinizatzen baitituzte gure baratza, soro eta ingurune basatiak. Eusko-Labeldun eztia jaten duenak bera bizi den inguruko milioika landareen hazi eta fruitu ekoizpena bermatzen ari da.
  5. Produktu urria. Zoritxarrez ekoizpen urriko produktua da eta ez dira labelizatzen kontsumitzaileak nahiko lituzkeen ezti-mota guztiak. Ezti-mota askok huts egiten digute eguraldiarengatik edo loraldi batera erle gutxi eraman direlako. Horrela, urte batean akazia-eztia bada eta hurrengoan ez; urte batean txilar-eztia dezente izan daiteke eta hurrengoan hutsa. Bertako erlezainek ekoiztutako eztiaz ari garenez, berriro diogu “zoritxarrez”, ezin dugu bermatu ezti-mota guztien presentzia merkatuan ez urtero eta ez urte osoan.

    Kontsumitzaileek estimatu eta erosten duten seinale da merkatua ezin ase ibiltzea. Ezti ekoizle gehiago izatea litzateke egokiena, baina jende gutxik ematen du erle asko jartzeko pausua.

    Ezti-mota lorebakar gutxi izatearen arrazoietako bat Eusko-labelak eskatzen duen purutasun altua da. Europako ezti-lege orokorrak ez dio ezer ezti bati eskatu behar zaion purutasunaren gainean, etiketan halako motakoa dela ipintzeko. Eusko-Labelekoa, berriz, oso zorrotza da eta maiz saldu behar izaten dira milalore bezala purutasun altua ez dutelako. Kontsumitzaileak, beraz, Eusko-Labeldun eztian mota gutxi aurkituko ditu, agian, baina daudenak beti izango dira purutasun handikoak.

 

PrintEmail